nav-left cat-right
cat-right

Hamasei lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, ETAri babesa ematea egotzita

Hamasei lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, ETAri babesa ematea egotzita

Zabalik jarraitzen du Mate operazioak —hala deitu dio Poliziak—, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Arratsaldean hainbat lokal ari da miatzen Guardia Zibila, besteak beste Durangon, Leioan eta Gernikan, eta oraindik ere ari dira Bilboko LABen egoitza miatzen. Bitartean, atxilotuen senideek jakinarazi dute espero dutela gaur arratsaldean eramatea atxilotuak Madrilera, eta baieztatu dute bihar epailearengana deklaratzera eramango dituztela. Komunikatuta daude atxilotuak, eta izendatu dituzte haien abokatuak. Hainbat mobilizazio antolatu dituzte arratsalderako, operazioa salatzeko.

Besteak beste, Bilbon eta Iruñean egin ditu atxiloketak Guardia Zibilak. Abokatuak dira atxilotu gehienak, eta Herrira-koak gainerakoak: Amaia Izko, Onintza Ostolaza, Aiert Larrarte, Eukene Jauregi, Nagore San Martin, Haizea Ziluaga, Arantxa Aparicio, Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador, Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Fran Balda, Javier Carbadillo, Jon Mintegiaga Minde eta Ane Ituño.

2012 eta 2013 artean ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea egotzita, Ogasun Publikoaren kontrako delitu bat eta dirua zuritzea leporatu diete. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Herrira-k EPPK-ko presoen abokatuei ordaindutako dirua da hori, eta plataforma horren diruzain izatea egotzita atxilotu dituzte lau lagun. “Abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen zuen finantza egitura desegitea eragin du operazioak”, dio ministerioaren oharrak.

Bizkaian atxilotutako abokatuek babesa eskatu diote herrialdeko abokatuen bazkundeari, eta jada izendatu dituzte defendatuko dituzten abokatuak. Carlos Fuentenebro Bizkaiko Abokatuen Bazkundeko dekanoa egoitzaren kanpoaldean izan da Guardia Zibila bulegoak miatzen ari zen bitartean.

Atzemandako dozena bat abokatuen artean daude Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga; Madrilen atzeman dituzte. Han ziren epaitzekoak gaurtik aurrera ezker abertzaleko hainbat kide, eta defentsako abokatuak dira hirurak. Tres Cantoseko polizia etxean dauzkate, komunikatuta.

07:15 aldera sartu da Guardia Zibila ezker abertzaleko kideak Madrilen dauden hotelean. Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak esan duenez, “kafkarra” da haien egoera, eta salatu du ez duela zentzurik abokatuak atxilotzeak: “Bazekiten pertsona horiek non aurkitu: Auzitegi Nazionalean egon behar zuten gaur goizean”. Barrenak argudiatu du “beharrezkoa baldin bazen” nahikoa zela zitazio bat bidaltzea, horiek atxilotu beharrean.

Horiez gain, Iñaki Goioaga ere auzipetu dute, baina senataria izanik foruduna denez, ez dute atzeman. LABen egoitzan daude poliziak, eta Gernikako Arrano tabernara eta Durangoko Intxaurre elkartera ere joan dira. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, larunbatean presoen eskubideen aldeko mobilizazioan bildutako dirua eraman du Poliziak. Horrez gain, abokatuen bulegoak ere miatzen ari dira Bilbon, Iruñean eta Hernanin.

Lekukoen arabera, 07:15 inguruan atxilotu dute Ainhoa Baglietto, Zarautzen. Hernanira eraman dute gero, abokatu taldeak bertan duen bulegora. Iruñean abokatuek Nafarreria kalean duten egoitzara eraman dute Karrera, eta atxilo eraman dute gero.

Zizur, Tolosa eta Arbizun ere egin dituzte miaketak. Bilbon, herriko taberna arakatu dute. Arbizun, Fran Baldaren etxea miatu dute, eta 06:50 aldera joan dira poliziak hara. Atxilo eraman dute Balda.

 

Iturria: berria